Bi eta huts galdu zuen igandean Aloña Mendik Elgoibarren aurka Mintxetan. Ohorezko Erregional Mailan jokatu zuen berriro ere Aloñak hiru urtez Gorengoen Mailan lehiatzen egon ostean, baina itzulerak zapore gazi-gozoa utzi zuen Mintxetara hurbildu ziren zaleen eta bertan zeuden jokalariena artean. Hau izan zen Endika Ruizek zelairatu zuen ligako lehenengo hamaikakoa: Mikel Irizar atean; defentsan Joseba Larrea Iñigo Gorostidi, Iñigo Markinez eta Xabi Irizar; zelai erdian Gorka Irizar, Joseba Larrea eta Gaizka Zelaia; Auritz Larrea eta Kevin Martin hegaletan eta Martxel Aiastui aurrelari bezala.

Elgoibar izan zen baloiaren jabe lehenengo zatiko momentu askotan, baina oñatiarren defentsa sendoak baliogabetu egin zituen etxekoen eraso guztiak. Oñatiarrek baloia lapurtu eta Elgoibarren atea azkar erasotzea zuten helburu, eta horrela jardun zuten bi taldeek lehenengo berrogeita bost minutuetan. Elgoibar baloiaren jabe izan bazen ere, Aloña Mendik sortu zituen lehenengo zatiko aukera gehienak; garbiena lehenengo zati erdialdera iritsi zen: Iñigo Markinezek baloi luze bat jaurti eta Elgoibarreko atezainaren aurrean utzi zuen Martxel Aiastui; hala ere, aurrelari oñatiarrak ezin izan zuen baloia sareetara bidali eta hutsean amaitu ziren lehenengo berrogeita bost minutuak.

Atsedenalditik bueltan erritmo altuarekin zelairatu zen talde oñatiarra, eta aukera garbienak izan zituen bigarren zati hasieran ere. Kevin Martinek izan zuen lehenengo aukera, baina bere jaurtiketa Elgoibarko atetik oso gertu pasa zen. Gaizka Zelaiak izan zuen oñatiarren bigarren zatiko aukera garbiena: Xabi Irizar eta Auritz Larreak ezker hegalean eginiko jokaldi bikain baten ostean Zelaiaren jaurtiketa kornerrera urrundu zuen etxeko atezainak. Hortik aurrera partida aldrebestu egin zen oñatiarrentzat, eta orduan iritsi ziren etxekoen aukera garbienak. 75.minutuan epaileak Elgoibarren aldeko penaltia adierazi zuen eta Mikel Irizarrek ezin izan zuen hamaika metrotako jaurtiketa gelditu. Aloña berdinketaren golaren bila zebilela, Elgoibar kontraerasoetaz baliatu zen bigarren gola sartzeko, baina horren aurretik talde oñatiarra hamar jokalarirekin gelditu zen. Tiago Santanak Elgoibarkoen kontraerasoa moztu zuen eta epaileak txartel gorria erakutsi zion aurrelari oñatiarrari. Jokalari bat gehiagorekin erasoan jarraitu zuen Elgoibarrek, eta partida amaitzear zegoela Iñigo Gorostidik bere atean sartu zuen baloia erdiraketa bat urrundu nahian.

Bi eta hutseko markagailuarekin amaitu zen partida Mintxetan, eta Aloña Mendik ezin izan zuen denboraldia garaipen batekin hasi. Bigarren jardunaldian Amaikak Bat jasoko du Aloñak Azkoagainen; talde debarrak hiru eta bat irabazi zuen lehenengo jardunaldian Urolaren aurka.

Gainontzeko partidak

Haritz Azurmendik zuzentzen duen Jubenilen Ohorezko Mailako taldeak bi eta huts irabazi zuen larunbatean Urkiren aurka. Lehenengo zatian ez zen golik ikusi Azkoagaineko futbol zelaian, baina atsedenalditik bueltatu eta berehala aurreratu zen markagailuan Aloña Mendi Garikoitz Galdosen gol bati esker. Hamar minutu geroago bi eta hutsekoa sartzea lortu zuen Ekain Gorgoñonek eta Urkik ezin izan zion buelta eman markagailuari. Ligako partida guztiak jokatu ez baziren ere, momentuz liderra da Aloña Mendi Jubenilen Ohorezko Mailako hirugarren multzoan.

Emakumezkoen Gorengo Mailako taldeak ere garaipena lortu zuen Zestoaren aurka ligako lehenengo partidan. Malen Osak aurreratu zuen etxeko taldea lehenengo zatian kornerreko jaurtiketa zuzen bati esker, baina bigarren zatia hasi eta berehala berdindu zuten partida zestoarrek. Etxekoek ez zuten amore eman eta 70.minutuan Uxue Ugalderen gol batek garaipena eman zion talde oñatiarrari. Emakumezkoen Gorengo Mailako bigarren multzoko bigarren postuan kokatzen da Aloña lehenengo jardunaldi honen ostean.