Bergara eta Zarautz jaso zituen etxean Ohorezko Erregionalak asteburuan. Hiru taldeek triangular bat jokatu zuten larunbatean eta Aloña Mendik partida bat berdindu eta bestea irabazi egin zuen. Sentsazio onekin amaitu zuten denboraldi-aurreko bigarren proba Endika Ruizen mutilek eta denbora askoz partidarik jokatu gabe egon badira ere, pasaden denboraldiko erritmoa galdu ez dutela erakutsi dute denboraldi-aurreko hiru partida hauetan.
Bergararen aurka jokatu zuen Aloñak triangularreko lehenengo partida, eta golik gabeko berdinketa batean amaitu ziren berrogeita bost minutuak. Aukera garbiena Bergarak izan zuen -area txikian langara jaurti zuen baloia Bergarako aurrelariak-, baina Aloñak momentu oro kontrolpean izan zuen norgehiagoka. Bergarak zelai erdian hasten zuen presioa, eta horrek eragin zuen Aloña izatea baloiaren jabe ia partida guztian zehar. Hala ere, etxekoak ez ziren gai izan aukera garbirik sortzeko, eta hutsean amaitu zen partida.
Talde guztiz ezberdina atera zuen Endika Ruizek Zarautzen aurka, eta partida ere ezberdina izan zen. Zarauztarrek baloiaren jabetza izatea nahi zutela garbi utzi zuten hasieratik, baina Aloña eroso sentitu zen ia partida guztian zehar. Berrogeita bost minututan aukera bakarra sortu zuten zarauztarrek Andoni Egañaren atean: pase sakon baten ostean area ertzetik jaurti zuen Zarautzeko aurrelariak, baina atezain oñatiarrak baloia aldaratzea lortu zuen; hala ere, baloia area barruan gelditu zen eta bigarren aukeran langara jaurti zuen Zarautzeko aurrelariak. Minutu gutxiren ostean iritsi zen partidako gol bakarra. Zarautzi baloia lapurtu eta azkar jokatu zuen Aloñak; baloia eskuin hegalera ireki zuten eta Carlos Odriozolak hondoko marratik bigarren zutoinera erdiratu zuen Jon Etxeberriak baloia sareetara jaurti zezan. Gola sartu eta berehala amaitu zen partida Azkoagainen Aloñaren garaipenarekin.
Gainontzeko partidak
Garikoitz Nuñez-en 1. Erregionalak ezin izan du garaipena erdietsi denboraldi-aurreko aurreneko bi partidetan: lehenengo partidan bina berdindu zuten CD Vitoriaren aurka eta asteburu honetan 0-3 galdu dute maila bat gorago jokatzen duen Oriokoren aurka. Hala ere, entrenatzaile berriaren ideiak barneratzen jarraitzen du taldeak liga hasierara ahalik eta egoera hoberenean iritsi ahal izateko.
Ohorezko Jubenilak denboraldi-aurreko bigarren garaipena lortu zuen larunbatean, Astolan, Abadiñoren aurka. Julen Azkaratek eta Alex Markuletak huts eta bi aurreratu zuten Aloña Mendi, baina markagailuan gerturatzea lortu zuen etxeko taldeak atsedenaldira iritsi aurretik. Bigarren zatian markagailuak berdin jarraitu zuen eta garaipena etxera eraman zuten oñatiarrek, 1-2.
1. Jubenil mailako taldeak larunbatean jokatu zuen denboraldi-aurreko lehenengo norgehiagoka, kasu honetan Antzuolaren aurka. Oñatiarrek ezin izan zuten garaipena lortu eta bat eta huts galdu zuten Eztalan.