Bi eta lau nagusitu zen Ohorezko Erregional taldea larunbatean Garmendipen jokatutako partidan. Pasaden urteko aurkari gogorrenetako bat hartu zuten mendean Endika Ruizen mutilek; Lagun Onak "B", eta denboraldi-aurreko lehenengo garaipena erdietsi zuten Azpeitian. 

Erritmo altuarekin hasi zuten partida bi taldeek, baina Lagun Onak-ek eman zuen lehenengo kolpea markagailuan. Ezker hegaletik jaurtitako baloi luze batek ate aurrean utzi zuen talde azpeitiarreko aurrelaria, eta honek ez zuen barkatu Mikel Irizarren aurrean. Hala ere, Aloñak bere horretan jarraitu zuen: atzean indartsu eta aurrean bizkor jokatuz. Jokaldi horietako batean iritsi zen berdinketaren gola: Ander Irizarrek bigarren zutoinera jaurti zuen kornerra eta Martxel Aiastuik sareetara errematatu zuen erdiraketa. Berdinketaren golak ez zuen eragin Aloñak erritmoa jaistea, eta Lagun Onak-en zelaian jokatu zituen hurrengo minutu guztiak. Hala ere, azpeitiarrek markagailuan aurreratzea lortu zuten atsedenaldiaren aurretik, eta 2-1 amaitu zen lehenengo zatia Garmendipen.

Bigarren gol horrek emandako inertziarekin hasi zuten bigarren zatia azpeitiarrek, eta lehenengo hamar minutuetan Mikel Irizarren atetik oso gertu jokatu zuten, aukera garbirik sortu gabe. Aloñak hasierako presio hori gainditu zuenean lehenengo zatiko erritmo bera ezarri zuen, eta horrela lortu zuen lehenengo zatiko markagailuari buelta ematea. Gaizka Zelaiak berdindu zuen partida -berriro ere- falta jaurtiketa bikain bati esker, eta Auritz Larreak sartu zituen garaipenaren golak: hirugarren gola jaurtiketa gurutzatu bati esker eta laugarren, eta azken, gola Zelaiak jaurtitako korner bati esker.

 

Sentsazio onak Ohorezko Jubenil eta 1. Erregional mailan

Ohorezko Erregionalez gain, Ohorezko Jubenil mailako taldeak eta 1. Erregional mailako taldeak ere denboraldi-aurreko partidak jokatu zituzten CD Vitoriaren aurka, Azkoagainen. Jubenilek oso garaipen erraza lortu zuten arabarren aurka, Erregional mailako taldea berriz berdinketa batekin konformatu behar izan zen garaipena oso gertu izan bazuen ere.

Haritz Azurmendik gidatutako Jubenilen taldeak 8-0 irabazi zuen CD Vitoriaren aurka jokatutako partida. Momentu oro gehiago izan zen Aloña berdegunean eta atsedenaldira hiru eta hutseko errentarekin iritsi zen talde oñatiarra. Garikoitz Galdosek sartu zuen partidako lehenengo gola eta jarraian CD Vitoriako jokalari batek bere atean eta Ekain Gorgoñonek sartu zituzten beste biak. Bigarren zatian ez zen aldatu partidaren nondik norakoa eta Aloña Mendi nagusi izan zen Azkoagainen. Ekain Gorgoñon beste gol batekin eta Gexan Anduaga eta Garikoitz Galdos bakoitza bi golekin izan ziren bigarren zatiko golegileak.

 

Erregionalak ere partida txukuna jokatu zuen CD Vitoriaren aurka, eta garaipena lortu ez bazuten ere, sentsazio onekin amaitu zuen partida talde oñatiarrak. Baloiaren jabetza arabarrena izan bazen ere, aukera gehienak Aloñak sortu zituen eta horrek eragin zuen markagailuan aurretik izatea partidako minutu gehienetan zehar. Ander Biainek aurreratu zuen markagailuan Aloña, baina Anje Eskarzak bere atean sartutako gol batek berdindu zuen partida Azkoagainen. Atsedenalditik bueltatu eta berehala sartu zuen Haritz Azurmendik bi eta batekoa, baina partidako azkenengo minutuan berdinketaren gola sartu zuen CD Vitoriak eta partida 2-2 amaitu zen.