Bi eta bat galdu zuen Aloña Mendiko 1. Erregional mailako taldeak asteburuan Lazkaon. Garikoitz Nuñezen mutilak ez ziren gai izan Arizti Handin garaipena lortzeko, eta partidako momentu batzuetan lazkaotarrak baino gehiago izan baziren ere, ez zen nahikoa izan emaitza on bat lortzeko.
Partida hasi eta berehala aurreratu ziren norgehiagokan etxekoak areaz kanpoko jaurtiketa bati esker. Oñatiarrek ez zuten lortu partidaren erritmoan sartzea lehenengo zati erdialderarte, baina 35. minututik aurrera hasi ziren beraien minutu hoberenak. Lehenengo zatiaren amaiera iritsi baino bost minutu lehenago berdindu zuen markagailua Aloña Mendi-k Jon Aranzabalen gol bati esker, eta banakako berdinketarekin iritsi ziren bi taldeak atsedenaldira.
Lehenengo zati amaierako inertziarekin zelairatu ziren oñatiarrak Arizti Handira, eta lehenengo hamar minutuetan Lazkaoren atetik gertu egon ziren bigarren gola sartu nahian. Hala ere, oñatiarrek utzitako hutsuneak baliatu zituzten etxekoek falta bat probokatu eta baloi geldiko jokaldi baten markagailuan aurreratzeko, berriro ere. Hortik aurrera joko nahasia izan zen nagusi zelaian, eta bi taldeetako batek ere ezin izan zuen joko arina ezarri. Aloñak aurrera pauso bat eman zuen azkenengo minutuetan berdinketaren golaren bila, aukera garbiena Fran Plazak izan zuen, baina bere jaurtiketak langan jo zuen eta porrotarekin bueltatu ziren etxera oñatiarrak.
Gainontzeko partidak
Ohorezko Jubenilak bat eta hutseko garaipena lortu zuen larunbatean, Azkoagainen, Ilintxaren aurka. Lehenengo zatia aukera gutxikoa izan zen eta hori bera islatu zuen markagailuak lehenengo berrogeita bost minutuen ostean: huts eta hutsekoarekin utzi zuten zelaia bi taldeek. Atsedenalditik bueltatu eta berehala legazpiarrek aukera garbi bat izan zuten, baina ezin izan ziren markagailuan aurreratu. Berdina gertatu zitzaien etxekoei bigarren zati erdialdera, baina partida amaitzeko minutu gutxiren baitan Ekain Gorgoñonek gola sartu eta garaipena etxean gelditzea lortu zuen talde oñatiarrak.
Emakumezkoen Kadeteak bana berdindu zuen Eibarren aurka Azkoagainen. Eibartarrak aurreratu ziren markagailuan lehenengo zatian, baina partida amaitzeko ordu laurden faltan Naroa Moiuak berdindu zuen partida Aloña Mendirentzat.
Argazkia: Yura Pérez